Iruñeko Udala 399 zumar (Ulmus minor) landatzen ari da Ilundaindarren errotaren inguruan, Ezkaban eta Mendebaldeako basoan; Ilundaindarren errotako lanak Next Generation funtsen bidez finantzatu dira: hiriak birnaturalizatzea dute xede, eta Biodiversidad fundazioak kudeatzen ditu. 1,5 metro bitarteko zuhaitzak dira, grafiosiarekiko erresistenteak, eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak 30 urte daramatza ale horiek aztertzen eta hazten.
MITECOk 2 espezietako landareak eman dizkio hiriari, Ulmus Laevis eta Ulmus Minor, eta azken horretatik 4 klon guztira (barietate bera, baina erresistentea izateko tratatua). Eskatutako aleak Ministerioaren bidez jasotzen dituzte tokiko erakundeek.
Zuhaitzak landatzeko kanpaina hilabete amaierara arte luzatuko da, eta, une hauetan, 400 ale daude Iruñean, bai eta beste 150-200 zumar erresistente ere: aurreko kanpainetako ale txikienak dira, eta Miluzeko mintegietako baratze-alorretan hazten ari dira, Berdeguneetako Zerbitzuaren ardurapean. 2021az geroztik zumar arrunta landatzen da hirian, eta dagoeneko ikusgai daude Arrosadian, Iturraman, Etxabakoitzen, Sanduzelain, Txantrean eta Azpilagañan; Gaztelugibelen ere beste ilara bat jarri dute, eta garai baten ingurabidean zeudenak ekartzen dituzte gogora.
Zumarra asko erabiltzen da hirian, autoktonoa delako, hiri-ingurunera ondo egokitzen delako eta azkar hazi eta tamaina ertainekoa delako. XX. mendeko 80ko hamarkadan, grafiosi-izurrite bat egon zen penintsulan. Ophiostoma novo-ulmi onddoa kakalardoek transmititzen dute: zurean zuloak egiten dituzte arrautzak jartzeko eta onddoaren esporak uzten dituzte; ondoren, onddoa hazi egiten da, eta izerdia zirkulatzen duten hodi kapilarrak kolapsatzen ditu, egurra ehun hil bihurtuz. Hamarkada hartan, soilik Iruñean, 7.000 zuhaitz baino gehiago kendu behar izan zituzten, Nafarroako hiriburuko baso-masaren % 15a; izan ere, desegin edo apurtzeko arriskua zuten, eta istripuak eragiten ahal zituzten. Zumardiak Arga ibaiaren pasealekuan, Sarasate pasealekuan, Gaztelugibelen eta Taconeran zeuden, besteak beste. Besteak beste, hiriko biodibertsitate-adierazleek behera egitea eragin zuen horrek.
399 ale beste hiru gunetan
Udalak behar duen ale kopurua eskatzen dio urtero ministerioari, eta gobernu zentralak tokiko erakunde eskatzaileen artean banatzen ditu eskuragarri dauden zuhaitzak; hala, espeziea berriz ere landatzen joaten da pixkanaka. 2 zumar barietate eta 4 klon ekarri dituzte Iruñera; tamainaren arabera banatuta, baso-erretiluetan, 3 litroko edukiontzietan eta sustraia agerian dutela ekarri dituzte, eta hiru landaketa-eremuetan barna banatu dituzte.
Ulmus minor espeziea ur-ibilguetan kokatu ohi da, ibaien baso-orlaren kanpoko aldean, eta Ulmus laevis espezieak urez beteta dauden zoruak jasaten ditu denbora luzez. Autoktonoa da hemen, baina apainketarako landatutako aleak basati bihurtu egin dira. Hostoaren oinarria asimetrikoa da, eta fruituek mintz-hegal bat dute, haizearen bidez sakabanatzea errazteko.
Zuhaitzak gune hauetan landatuko dira: Ilundaindarren errotan (ekintza hori RUNA proiektuaren barruan dago), Udalak Ezkaba mendian dituen jabetza publikoko baso-lurzatietan eta Mendebaldeako urbanizazioa mugatzen duen basoan. Berezitasun batzuk daude. Adibidez, Ilundaindarren errotan Ulmus laevis (zumar zuria) espezieko 20 ale landatuko dira uretik gertu, espezie horrek uholdeekiko erresistentzia handiagoa baitu; Mendebaldean sustraia agerian duten eta pixka bat handiagoak diren (2 metro) 27 zumar landatuko dira, ureztatze-automatikoa duten zuhaitzen ilaran kokatuko direlako.
Zuhaitzak landatu eta SIG-Iruñaren bidez geoerreferentziatu ostean (informazio-bisorean, datu horiek zuhaiztiaren informazio-geruzan daude), aleak Berdeguneen Zerbitzuak aldizkako ikuskaritzak eta mantentze-lanak egiteko duen ohiko sisteman sartuko dira.
IRUÑEAN LANDATUTAKO ZUMAR ERRESISTENTEAK
• 2021. 20, Etxabakoitzen
• 2023. 120, Arrosadian, Iturraman eta Etxabakoitzen
• 2024. 31, Gaztelugibelen eta Azpilagañan
• 2025. 24, Txantrean, Azpilagañan eta Sanduzelain
• 2026. 399, Ilundaindarren errotan, Ezkaban eta Mendebaldean