
Iruñeko Udalak Iruña Ekintzaile programaren beste edizio bat jarri du abian, Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroarekin (CEIN) elkarlanean: Iruñeko merkataritzaren esparruan negozio-ideia berriak garatzea bultzatzen du, baita jada abian dauden saltokiak indartu eta merkataritzako establezimenduak lekualdatzea ere.
Berritasun gisa, programak 5 gai-multzo izanen ditu aurten, eta prestakuntza espezializatua eskainiko du horien inguruan. Gainera, azken fase bat txertatu da: saltokiek laguntza pertsonalizatua eskaintzean datza, negozioak hobetze aldera eskuratutako ezagutzak praktikan jartzeko. Zehatz-mehatz, gai hauei helduko zaie: saltokiaren optimizazio fisikoa, salmentak eta marketina, kudeaketa ekonomikoa, merkataritza eta turismoa eta saltokien belaunaldi-aldaketa eta hari jarraipena ematea.
Programan izena emateko epea zabalik dago dagoeneko, eta gaur goizeko prentsaurrekoan aurkeztu dute egitasmoa Mikel Armendáriz Barnechea Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako zinegotzi ordezkariak eta Uxue Itoiz Mariñelarena CEINeko zuzendari kudeatzaileak.
Iruña Ekintzaile programa, batetik, merkataritza-sektorean ekintzaile izateko interesa dutenei dago zuzenduta, bai negozio-ideia bat abian jarri nahi dutenei, bai dagoeneko abian den saltoki baten txanda hartu nahi dutenei; eta, bestetik, jardunean dauden merkatariei, merkataritza-estrategia indartu edo establezimendua eskualdatu nahi duten horiei, hain zuzen ere.
Aurtengo edizioan prestakuntza malgua eskaintzen du programak: apiriletik ekainera, bost gai-multzori buruzko informazio-pilula labur eta praktikoak emanen dira jakitera, eta, horri esker, parte-hartzaile bakoitzak bere beharretara hobekien egokitzen den prestakuntza hautatzen ahalko du. Era berean, abuztutik urrira bitarte, tutoretzak eginen dira parte-hartzaileekin, eta laguntza pertsonalizatua jasoko dute, ikasitako kontzeptuak haien negozio edo proiektuan aplikatzeko.
Kudeaketa ekonomikotik negozioak eskualdatzera
Iruña Ekintzaile programak ordu eta erdiko 14 prestakuntza-saio antolatu ditu, eta bost gai-multzotan egonen dira banatuta. Hala, kudeaketa ekonomikoarekin lotutako informazio-pilulek oinarrizko alderdi ekonomikoak landuko dituzte, guztiz beharrezkoak baitira saltokien bideragarritasuna bermatu eta erabakiak segurtasun handiagoz hartzeko. Saltokien optimizazio fisikoarekin lotutako saioek establezimenduen etekina hobetzea izanen dute ardatz, azken finean salmentarako guneak baitira.
Beste pilula-multzo batek turismoa aztertuko du, tokiko merkataritza bultzatzeko aukera paregabea baita. Marketinari eta salmentei buruzko multzoak saltokiak bezeroekin bat egiteko gaitasuna hobetzea eta harreman hori salmenta bihurtzea izanen du helburu. Azkenik, bosgarren multzoa orientabide gisa pentsatuta dago: lokala eskualdatu nahi duten saltokiei zuzenduta dago, baita aribidean dauden negozioen txanda hartzeko interesa duten pertsonei ere.
Iruña Ekintzaile programan parte hartzeko, aski da CEINeko webgunean (https://www.cein.es/eu/programas/pamplona-emprende) eskuragarri dagoen inprimakia betetzearekin.