Hogeita hamar urteko konpromisoa elkartasunarekin da Iruñeko Udalak Garapenaren aldeko Nazioarteko Lankidetzarako Udal Programaren 30 urteak ospatzeko aukeratutako leloa. 1996an abiatu zenetik, 41,5 milioi euro bideratu ditu munduko hainbat herrialdetan milaka pertsonen bizitza hobetu duten mota askotako 3.000 proiektu baino gehiago egiteko.
Mikel Armendáriz Barnechea Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako zinegotzi ordezkariak eta Lorena Cardenal Linares Nazioarteko Lankidetzako teknikariak aurkeztu dute udal-elkartasunak hogeita hamar urte bete dituela ospatzeko antolatutako jarduera- eta ekintza-programa. Hiru ardatzetan egituratu dute programa: instituzionala, komunitarioa eta komunikaziokoa, eta xedea da herritarrei hainbat udal-alor –Kultura, Merkataritza, Gazteria, Adinekoak eta Haurrak– inplikatu dituen lankidetza-lan hori ezagutzera ematea.
Garapenaren aldeko Nazioarteko Lankidetzarako Udal Programari esker Iruñeko Udalak sare bat osatu du nazioarteko 230 elkarte eta erakunderekin eta horien bidez egin dira finantzatutako proiektuak. 3.000 proiektu baino gehiagoren bidez munduko ehun bat herrialdetan jarduketak egin dira, batez ere, Afrikan eta Latinoamerikan. Proiektu horiek honako esparru hauek barne hartzen dituzte: oinarrizko beharrak asetzea, landa- eta nekazaritza-garapena, sexu- eta ugalketa-osasuna, ingurumenaren babesa eta gobernantzari eta gizarte zibilari lagun egitea.
Udalaren garapenerako lankidetzaren historia 1996an hasi zen, orduan sinatu baitziren lehenengo lankidetza-hitzarmenak. Orduan, 62.081.250 pezeta bideratu zituzten. 1998an, Iruñeko Udalak nazioarteko aldizkako eta premiazko egoeretara zabaldu zuen bere konpromiso solidarioa, eta horiek ere diru publikoarekin finantzatu ziren 2000. urtean sinatu zen lehenengoz lankidetza-hitzarmena nazioarteko lankidetzaren eta garapenerako hezkuntzaren esparruan lan egiten duten GGKEen Koordinakundearekin. 2001etik aurrera, nazioarteko lankidetza-jarduerak kanpora begira ez ezik, Iruñean ere antolatzen dira, beste herrialde batzuetako errealitateak eta testuinguruak ulertzen laguntzeko.
Literatur lehiaketa, ihes-jokoa, irakurketa-klubak...
Urteurrenaren ospakizunen bidez nazioarteko lankidetzaren errealitatea jende orori hurbildu nahi zaio. Haurrei eta gazteei zuzendutako jarduerak antolatu dira, hala nola gazteendako literatur lehiaketa tradizionala –aurten, salbuespenez, garapenaren aldeko lankidetzari buruzkoa– eta ihes-joko tematiko bat Gaztediaren Etxean. Aste Santuko hiri-kanpaldiak nazioarteko lankidetzarekin lotuta egonen dira. Adinekoendako, Oroitzapenen kafea izeneko jarduera eginen da Geltokin, hegoaldeko herrialdeen errealitatea hurbiltzeko elkarrizketaren eta bidezko merkataritza produktuen dastaketen bidez.
Nafarroako Liburutegien Sareak Iruñean eta Iruñerrian dituen zentroetan, irakurketa-klubak dinamizatuko ditu, nazioarteko lankidetzari, garapenaren aldeko laguntzari edo premia handiena duten herrialdeei buruzko obren hautaketa tekniko espezializatu baten bidez. Proposamenak liburuetako argudioak modu atseginean aztertzeko berariaz diseinatutako zenbait ariketa biltzen ditu, herritarrei aukera emanez Iruñeko Udalaren 30 urteko lankidetza-ibilbidea ezagutu eta baloratzeko, irakurketetan aurkezten diren istorioen eta testuinguruen bidez.
Apirilaren 23an, Liburuaren eta Lorearen Egunean, Saharako Kabiak GGKEak kudeatuko du loreen salmentako postu tradizionala. Bildutakoa erakundeak Saharako wilayetan koordinatzen dituen bost liburutegietarako liburuak erosteko erabiliko da osorik. Era berean, udazkenean, Navarra Fashion Week-ean, moda jasangarria sustatzen duten GGKEei ikusgaitasuna emanen zaie.
Harrera instituzionala eta gala urrian
Urriaren 16an (ostirala) Pobrezia desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren bezperan, Nazioarteko Lankidetzako Udal Programaren urteurreneko ekitaldi nagusiak eginen dira. Goizez, harrera ekitaldi instituzionala eginen zaie Udaletxean hegoaldeko erakundeetako ordezkariei, Udalak emandako laguntza jasotzen duten herriekin trukea eta lankidetza zuzena balioan jarrita.
Arratsaldez, Pompelo Civivoxean gala bat eginen da eta udalaren elkartasunaren hiru hamarkadan barnako ibilbide bat eginen da. Ekitaldi nagusia egun horretarako egindako bideo baten proiekzioa izanen da, eta urte hauetan Udalak garapenaren aldeko lankidetzan inbertitutako kopuruez gain, kooperanteen, teknikarien eta komunitate hartzaileetako pertsonen zuzeneko lekukotzak erakutsiko ditu, eta, horrela, Iruñeko Udalaren laguntzak haien bizitzetan eta iritsi diren lekuetan izan duen benetako eragina islatuko du. Galan sari-banaketa, bigarren eskuko arropako desfilea, DJ saioa eta beste hainbat sorpresa egonen dira.
Informazio-kanpaina villavesetan
Iruñerriko Mankomunitatearekin eta eskualdeko hiri garraioa kudeatzen duen Moventis TCC enpresarekin lankidetzan, informazio-kanpaina bat eginen da datozen egunotan, Iruñeko Udalak hiru hamarkada hauetan egindako lana gizarteari ezagutarazteko. Villavesen barruan esekigailuak jarriko dira, 1996tik Udalak nazioarteko lankidetzaren inguruan egindako lanaren mugarri historikoak ezagutzera emateko.
Urteurrenaren inguruko komunikazio-ekintzen barruan, Iruñeko Udalak azken hogeita hamar urteotan garapenaren aldeko lankidetzan egin duen ibilbideari buruzko laburpen bideo bat ere eginen dute. Urrian galan proiektatzeaz gain, mupi digitaletan, erakusketetan, sare sozialetan eta udalaren webgunean hedatuko da, besteak beste. Bideoan dirulaguntzek izandako eraginaren bilakaera historikoa azalduko da, lehen pertsonako testigantzekin.